XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lakonismoa da aste honetako kolaborazioari hoberen dagokion hitza.

Eguneroko bizitzak ez bait ditu ikatza bezalako labezomorroak bakarrik isurtzen; imajinazioaren orratzak zorroztuz, lokatzetan ere aurki daitezke honelako harri bitxiak.

Etxekoei ez zaie gustatzen imajinatzen ibil nadin.

Total, etxera joan eta burukomina dutela esango didate, geldi egoteko, mesedez.

Beti mesedez eskatzen didate.

Horregatik ez dut presarik hartzen auzoko aldapa igotzerakoan.

Sarritan, ni gorantz natorrela, besapean bokadiloa dakarren gizon beltzarana beherantz dihoa.

Gauez egingo du lan, ziur aski.

Gaueko txandakoei begiak iluntasunera ohitzen omen zaizkie.

Ez dugu elkar agurtzen, berak noizbehinka begiratzen badit ere.

Inoiz ez.

Gaur bezalako egun tentelean, besapeko bokadiloa imajinatzeari ekin diot: periodiko-paperean bildua eta letrak ogi koipetsuari itsatsita; ezpainetan ere bai.

Baina etxekoei ez zaie gustatzen imajinatzen ibil nadin.

Haserre ixila egingo lidakete, edo buruko mina dutela esan.

Gehienetan geldiunetxo bat egiten dut bideodendako eskaparatean, posterrei begira eta ostiraletan jende ugari pilatzen da barruan.

Euria ari ez duenean, kalean hotzegi ez badago, bideoren bat jartzen dute kanpotik ikusteko moduan; lagunen eritziz, gehiago saltzeko asmotan, baina nik osorik ikusten dut.

Gainera, soberan dakite nik ez diedala ezer erosiko Astean birritan aldatzen dute eskaparatea.

Tabernako telebistaren aurrean ere oso gustora egoten naiz, patxadan.

Beti dago piztuta eta ez da egundo entzuten.

Gizonen iskanbila.

Ardoa edaten dute, azeitunarik eskatu gabe.

Usain berezia du tabernak.

Hasieran nazkagarri samarra zitzaidan lurreko zerrautsa.

Orain berdin zait.

Primeran pasatzen dut zarata aditzen.

Ez da inortxo ere burukominaz kexu.

Bideodendatik tabernarainoko bidean ez naiz aldapaz ohartu ere egiten.

Kalean gurutzatzen ditudanak bilutsik imajinatzearekin ere dibertitzen naiz.

Zahar-zaharrak ikusten ditut batipat, larru gorritan, tabernaren usainaz, eta gehienetan barrezka, barre betean asmatu.

Pentsatzen dudan guzti hau balekite, barre gutxi.

Burukoak eta bestelako minak.

Ez zaie gustatzen imajinatzen ibil nadin.

Etxean isiltasunean geundela, tuberietako hotsak entzunez kotxe txikerrak imajinatzen nituen gora eta behera, baina horrek ere ez zien graziarik egiten.

Lastima tabernako mahaien gainean dautzan ogi-mamiak.

Ez dakit nork uzten dituen.

Ni bertan nagoen bitartean, jendearen zeregina jatea da.

Ogi-papur horiek ez balira, zer edo zer saia zitekeen mahai gainean.

Guztiz ilundu aurretik komeni da etxeratzea, besteekin batera telebista behatzera, ea atentaturik suertatu den.

Nire ustez, etxekoek ere, lehen, agian aspaldi ez dela, neuk beste denbora ematen zuten imajinatzen.

Beharbada, maizegi igo dute gure kale erripatsua.

Atarian ez diote buzoiari jaramonik egiten.

Nik beti ukitzen dut, eta giltzak ditudan arren, nahiago dut aldekoren bati tinbrea jotzea, ilundu aurretik.

Aldeko horren etxean bizi naizela ere imajina dezaket.

Ataritik kale osoa menperatzen da.

Goizean aldatz-behera izango dela imajinatu. Txema Abarrategi.